XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Iparraldean bihar hasiko sikatearen kalteak neurtzen
Baiona
Ipar Euskal Herriko nekazaritza eta abelzaintzak sikatea dela eta jasan dituzten kalteak neurtzen hasiko da Prefekturako batzordea, ondotik Nekazaritza ministrariari eskualde siniestratua deklara dezatela eskatzeko asmotan.

Akitaniako beste departamentu batzuri tratamendu hori eman die Gobernuak jadanik.

Asteartean Kontseilu Orokorraren bileran mintzagai berezia izan zen sikatea.

Biarnoko bi kontseilarik ihardun zuten Prefekturari kritika eginez, orain arte kalteak zenbatzeko bilerak ez bait ditu burutu.

Gainera, dirudienez, Henri Nalet, nekazari ministraria nahiko jarrera positiboan zegoen eskualde siniestratua lehen bait lehen deklaratzeko.

Nalet-ek, hala ere, Prefektuaren erabakia eta ustea itxaroten zuen eta beronek Kontseilu Orokorrarena.

Azkenik, Bouhin prefektuak biharko konbokatu du kalteen batzordearen bilera.

Hala ere, Kontseilu Orokorrak aho batez zera adierazi zuen asteartean: harritu egiten dela neurriak ez direlako jadanik hartuak izan, eta Pirineo Atlantikoetako departamendua azkena izan delako Akitania eskualdean kalteak neurtzen.

Oroitarazi behar da aurten arto uzta, Iparraldean garrantzi handikoa, batipat Donapaleu eskualdean arrisku bizian dagoela, iazkoaren erdia edo bakarrik bilduko bait dute laborariek.

Hauek kezkatuta daude, bestalde, artoaren prezioak ttipitu egin direlako.

Abelzaintzari dagokionez, belar eta bazka eskastu egin da eta neguko lasto eta belarrak agortu zaizkio baserritar askori.

Artzainek bere kabalak menditik jetxi dituzte han ere panorama lehorra bait da eta hori guzti hori esnearen produkzioan isladatu egin da, beherapen nabari batez.

Azken egunetako euriek, gisa guziz, eragin handiegirik ez omen dute izango belardietan, udako hiru hilabeteetako euri eskasiak gehiegi lehortu bait ditu hazi eta lurrak.

Urte hastapenean elurteak direla eta izandako kalte ugariei, udakoak gehitzen zaizkio oraingoan.

Urte beltza, bada, 1985. urte hau.